XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) joateko prest; penaz eta dolorez, hori ere esan beharra daukat.

Pena haundiz bai, niretzat behintzat, faena haundia da gero, ia bizitza osoa pasa duzun etxe batetik alde egin behar izatea.

Norberari gertatu arte ez zara konturatzen zein gogorra den hain ondo ezagutzen duzun lekua, eraiki duzun kabia uztea, urteetan eta urteetan jarri eta pilatu eta gorde dituzun gauzak beren lekutik atera eta mugitu behar izatea... gauza askok eta askok ez dute gehiago beren lekurik izango, jakingo bazenu zenbat eta zenbat gauza bota ditudan zakarretara.

Bai, Antton, zakarretara!

Harritzekoa, ezta?

Bai, bai, neronek!

Ikusi izan bazenu... ez zenuke sinistuko.

Harrigarriena zera da gainera, gustoa hartu diodala.

Bai, ez dakizu nola ibili naizen, ni bakarrik, zas! zas! zas! dena bota eta bota, ez nuen uste hainbeste gozatzen zenik, lehenago jakin izan banu...

Zuk esaten zenuen bezala, hamaika gauza ikasteko jaioak gara.

Aiba!

Bapatean Ixabeli zerbait bururatu zaio eta korrika batean bere gelako atetik desagertuko da eta handik gutxira, irrati iratzargailu bat esku artean dakarrela etorriko da.

IXABEL.- Banengoen ba ni... musikarik gabe ezin ninteke gelditu.

Hara, hauxe jarri eta dantza egiteko adina musika behintzat izango dugu.

Gainera irratiak ez dira inoiz nekatzen.

Zu bai beraietaz, marmarrean hasten direnean, neu hasten naizenean bezalaxe.